Izena: Jurgi
Abizenak: Olasagasti Ibargoien

-
Nor zara? Hau da, zein da zure eginkizuna arlo honetan?
Gaur egun, kirol modalitate honetan
Usurbilgo Pagazpe pilota kirol elkarteko entrenatzailea naiz.
-
Zutaz gain, nor gehiago dago proiektu hau aurrera eramateko?
Proiektu honetan, Gipuzkoako Kirol
Egokituko Federazioa, Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioa eta bi
elkarte gabiltza Gipuzkoan, Pagazpe eta Errenteriako Mindara
asoziazioa.
-
Zerk edo nork bultzatu zintuen mundu honetan sartzera?
2009. urtean, Jarduera Fisiko eta Kirol
Zientzien Lizentziatura ikasten ari nintzela, Oidui Usabiaga eta
Montse Oterok eskaini zidaten kirola ezagutu eta esku botatzeko
aukera. Zalantzarik gabe, esperientzia probatzen hasi nintzen eta
geroztik disfrutatzen nabil.
-
Nola bultzatzen duzu urritasun fisiko hau duten jendea arlo honetan murgiltzea?
Helburua, jarduera fisikoa edo kirola
egitea da, osasunarentzat egokia delako. Askotan, urritasuna duten
pertsonek uste dute kirola ezin dutela egin. Kirola egitera
bultzatzen ditugu eta euskal pilota Gipuzkoan gustukoa den kirola
denez eta bestetik taldean dugun giroa erakargarria denez,
esperientzia probatzea aberasgarria dela uste dut. Kirolaz gain,
urritasun egoeran dauden pertsonentzat garrantzitsua izaten da egoera
antzekotan dauden beste pertsonekin esperientziak elkar trukatzea.
Beraz, kaletik norbait ikustean, edo Gipuzkoako Kirol Egokituen
Federaziora norbait etortzean kirola frogatzera animatzen ditut
entrenamendu egunak eta orduak noiz eta non diren esanez, kirolaz
hitz egiten eta dituen gaitasunak potentziatzeko animatuz.
-
Ze eboluzio antzeman duzu gurpil aulkidun jendearen artean hasi zinenetik gaur egunera arte?
Eboluzio nabarmenena, aulkiak mugitzeko
gaitasuna da. Batetik, mugimendu gehiago egitera behartuz eta
bestetik, aulkia asko mugitu araziz. Horrek hein handi batean
askatasuna eta kaletik ibiltzeko abilezia gehiago izatea suposatzen
du. Hau da, bizi kalitate hobea izatea. Nola ez, entrenamenduek
pilotaren jokoa asko hobetzen dute eta guztiek egin duten hobekuntza
oso handia izan da joko mailan baita.
-
Zein da zuen plangintza? Topaketak, entrenamenduak…
Gure helburua, urte osoan pilotaz
disfrutatzea da eta hori entrenamenduetan egiten dugu. Partiduak
jokatzea gustuko dugu eta Gipuzkoako txapelketa jokatzen dugu, baina
elkar topatzeko aitzakia gehiago izaten da txapelketa irabaztea
baino.
-
Nola lortzen duzue materiala? Laguntzak dituzue? Laguntza nahikoa al dira?
Gurpildun aulkiak dira garestienak eta
horretan Gipuzkoako Kirol Egokituko Federazioak eta Gipuzkoako Euskal
Pilotako Federazioak lagundu zuten. Ongintzako partiduak ere jokatu
ziren egun berezi batean aulki bat erosi ahal izateko eta enpresa
batek ere aulki bat erosteko dirua jarri zuen. Hortaz aparte,
elkarteek udaletxetik izaten duen diru laguntza eta elkarteetako
babesle eta kuotetatik mantentzen dira material gehienak. Azkenik,
Gipuzkoako Foru Aldundiko diru laguntza berezietan egiten da eskaera.
-
Pozik al zaude lortutakoarekin, zure helburuak bete al dira?
Oso pozik nago, gaur egun jende gehiagok
parte hartzen duelako. Dena den gure helburua Gipuzkoan eta Euskal
Herria kirol modalitate hau zabaltzea da eta hori lortu ahal izateko
urte asko pasa beharko dira.
-
Etorkizunean nola ikusten duzu proiektu hau?
Egia esan, ez dakit nola izango den
etorkizuna. Baina Valentzian, Tarbais-en eta Baionan jokalariak
daudela badakigu eta elkarrekin jokatzeko aukera gehiago izateak
ezagunagoa egitea ekar dezake. Gustatuko litzaidake Gipuzkoan beste
tokiren batean ere taldetxo bat aterako balitz eta Espainiako
federaziotako batek kirol modalitate hau bere gain hartuko balu.
-
Azkenik gure elkarte hau sustatzeko ze gai sakonduko zenuke gehienbat?
Gure elkartean parte hartzaile gehiago
izan ahal izateko, sentsibilizazioarekin eta ezagutzera emateko
ahaleginarekin jarraitu behar da. Urritasun fisikoa dutenak parte
hartzera animatuz eta baita urritasunik ez duten pertsonak, gizon
zein emakume.
No hay comentarios:
Publicar un comentario